2004. urtean, Axular Lizeoko (Donostia) guraso batzuek GERO sortu zuten, euskal dantzan urrats bat haratago emateko asmoz. Taldeak ongi daki gure kultura, gorde eta zaindu ez ezik, landu eta bultzatu ere egin behar dela. Geroztik, zazpi ikuskizun original plazaratu ditugu: Sasi artean, Lamien basoa, Talaia, Xereta, Argizaiola, Itzal galdua eta Agorrila. Lan horietan «jantzi» berri bat eman nahi izan diegu gure dantza eta musikei. Horretarako, dantzak gaurkotu ditugu, bestelako musikaz apaindu, argiaz margotu eta gaurko tresnez eta teknikaz hornitu. Horrela, ikuskizun moderno, erakargarri, hunkigarriak sortu ditugu. GERO sortu zenetik, 44 jaialditan parte hartu dugu, eta 200 emanaldi baino gehiago eskaini (Frantzian, Belgikan, Italian, Portugalen, Alemanian, Hungarian, Polonian, Eskozian, Serbian, Kroazian, Danimarkan, Eslovenian, etab.). Jaialdietan ez ezik, dantza-lehiaketetan ere parte hartu dugu: batetik, 2011. urtean, Llangollenen (Gales) izan ginen, eta bi lehen sari lortu genituen, dantza tradizionaleko taldeen kategorian eta bakarkako dantzarien kategorian; bestetik, 2015ean, Groznyn (Errusia) dantzatu genuen, eta Txetxeniako Kultura Ministerioaren sari berezia eskuratu.
Sorrera-urtea: 2004