Hona hemen Ibarra-kaldu Elkartetik bidali digutena:

Urriaren 11n, larunbata, TXISTULARIEN ELKARRETARATZEA izango da, jarraian laugarren aldiz, Ibarra-kaldu Elkarteak eta Jai Batzordeak antolaturik, Beurko-Bagatza auzoko jai-egitarauaren barruan.

Txistulariak 10:30ean bilduko dira, Ibarra-kaldu Elkartearen egoitzan, eta 11:00etan kalejiran abiatuko dira.

Ekitaldi hau Ibarra-kaldu Elkartearen 45. urteurrenaren ospakizunetan hasi zen egiten, eta sekulako arrakasta izan zuen, hala auzotarren harrera onagatik nola gure elkartean oraindik diharduten eta lehenago izan diren txistularien kopuru handiagatik. Hori dela‑eta, Beurko-Bagatzako jai-egitarauaren barruan finkatzea erabaki egin zen, urtero-urtero erepikatzeko asmoz. Gainera, ekitaldiaren deia ireki egin zen, elkarteko edo auzoko txistulariek ez ezik, Barakaldoko eta beste herrietako txistulariek ere parte har dezaten.

Aurtengoa laugarrena izango da, eta berriro ere gonbitea egiten diegu, Barakaldoko eta beste herrietako txistulariei gurekin batera parte hartzeko. Errepertorioak biribilketa eta doinu ohikoenak eta ezagunenak bilduko ditu, hala nola, Bat bi hiru lau, Gora, Elizondo, Ikusi Mendizaleak, Agur Zuberoa, Alborada, Baztan, Ai Simon, Atiarno, Santa Cecilia, etab.

Txistularia bazara, jardunean nahiz erretiroa hartuta, eta gogorik baldin baduzu, anima zaitez gurekin ondo pasatzera eta zatoz urriaren 11n Barakaldoko Beurko-Bagatzara.

Leave a Reply

Votre adresse e-mail ne sera pas publiée Champs requis marqués avec *

Poster commentaire