Gazteen Dantza Topaketa, Euskal Dantzarien Biltzarrak antolatua, 2026ko ekainaren 26tik 28ra bitartean ospatu da Lakuntzan. Euskal Herriko dantza talde ezberdinetako dantzari gazteak bildu dira asteburu honetan dantza, elkarbizitza eta hausnarketa uztartuz.

 

Euskal Dantzarien Biltzarraren proiektu estrategikoetako bat da, euskal dantzen belaunaldien arteko erreleboa lantzeko eta gazteek taldeetan parte har dezaten bultzatzeko. Ez da asteburuko topaketa bat bakarrik; urte osoko lan-prozesu baten parte da, diagnostikoa, hausnarketa, ekintza eta jarraipena uztartzen dituena.

 

2023an Araian, 2024an Areatzan eta 2025ean Seguran egindako edizioen ondoren, Lakuntzako topaketak jarraipena eman dio egindako bideari. Aurtengo edizioan, harremanak sendotzeaz gain, gure gazteek taldeetan jarraitzeko eta gustura egoteko gakoak lantzen jarraitu dute.

 

Asteburuan, parte-hartzaileek hainbat jarduera egin dituzte: dantza tailerrak, gogoeta dinamikak, txokoak, kalejirak eta bizikidetza uneak. Jarduera horien bidez, euskal dantzak landu dira komunitatea sortzeko, nortasuna lantzeko eta gazteen ahotsa entzuteko tresna gisa.

Datozen asteetan, parte-hartzaileen balorazioak eta Topaketan jasotako ekarpenak aztertuko dira. Horien bidez, txosten bat egingo da eta hurrengo edizioetarako lan-ildoak zehaztuko dira. Helburua argia da: gure gazteak erdigunean jartzea eta horrekin batera euskal dantza tradizionalen etorkizuna eraikitzea.

Euskal Dantzarien Biltzarrak eskerrak eman dizkie Lakuntzako Udalari, entitate laguntzaileei, laguntzaileei, parte hartu duten dantzari gazteei eta Gazteen Dantza Topaketa posible egin duten pertsona eta erakunde guztiei.