Folklorea herri baten kultura tradizionala biltzen duten ikasgaiek osatzen dute: musika, erritoak, mitologia, abestiak, jolasak, dantzak, atsotitzak, kondairak, etab. Dantza tradizionalaren mundua herri-tradizioak deiturikoak osatzen duten ikasgaietako bat da.

Dantza eta dantza tradizionalak egoera berezi baten inguruan gertatzen diren adierazpen herrikoiak dira: jaiak.

Jaiek erritmoarekin, astronomiarekin, urtaroekin, eguraldi aldaketekin, lan erritmoekin eta aisialdiarekin dute zerikusia. Era berean, garrantzitsua da Elizak jaietarako duen egutegiarekin lotzea.

Lana, aisia eta jai erlijiosoak oso lotuta doaz eta jaiei forma ematen diete. Ondo dago jakitea zein diren hemengo jaiak eta ohiturak, baina garrantzitsua da, era berean, herri honek izan dituen erlijioa, lan teknikak, eskubideak, etsaiak eta abar ezagutzea.