Euskal Herriko lehenengo GAZTEEN DANTZA TOPAKETA Asparrenan ospatuko da ekainaren 30etik uztailaren 2ra Euskal Dantzarien Biltzarraren eskutik.

 

Ekitaldiz beteriko asteburu batean, 15 eta 25 urte bitarteko gazteek dantza taldeetan duten paperaz eta belaunaldiko erreleborik eza geldiarazteko hartu beharreko neurriez eztabaidatuko dute. Izena emateko epea otsailaren 27an hasiko da.

 

Euskal Herria, 2023ko otsailaren 27a. Gaur egun, euskal herriko dantza taldeek egiturazko arazo baten aurrean gaude: belaunaldi erreleborik eza. Irtenbide bat bilatzeko asmoz, Euskal Dantzarien Biltzarrak gazteen aldeko apostua egindu Gazteen Dantza Topaketa antolatuz. Haien baitan baitago irtenbidea.

 

Ekitaldi honen bidez gazteen ahalduntzea bilatzen da, haien nortasun sentimendua areagotzea. Asteburu batean zehar, Euskal Herri osoko dantzari gazteek dantza tradizionalez gozatuko dute modu ludiko batean, emanaldietan ohituta dauden zurruntasunik gabe. Talde eta herrialde ezberdinetako dantzarien arteko harremanak sustatu nahi dira.

Gazteen Dantza Topaketa 15 eta 25 urte bitarteko gazteei zuzenduta dago. Egingo diren jardueren artean, azpimarratzekoak dira talde-dinamika, dantza-taldeetan duten eginkizunari buruz hausnartuko baitute, eta Asparrenako kaleak zeharkatuko dituen kalejira, larunbat arratsaldean.

 

Parte hartu nahi duten dantzariek izena eman beharko dute otsailaren 27tik martxoaren 24ra, izena emateko inprimakia betez. Xehetasun guztiak jakiteko, sartu www.gazteendantzatopaketa.eus webgunean.

 

Dantzari izateaz harro!!