

Datorren urriaren 3an Euskal Herriko Dantzari Eguna ospatuko da Zizur Nagusian.
Euskal Dantzarien Biltzarrak urtero antolatzen duen hitzordurik garrantzitsuena
da, eta Euskal Herriko lurralde ezberdinetako dantza taldeak elkartuko ditu
berriro ere.
Euskal Herriko Dantzari Eguna 1967an antolatu zen lehen aldiz. Gaur egun, Euskal
Dantzarien Biltzarra osatzen duten bost ordezkaritzek -Araba, Bizkaia, Gipuzkoa,
Iparralde eta Nafarroa- txandaka antolatzen dute urtero. Helburua hasieratik bera
izan da: euskal dantzen eta folklorearen aberastasuna erakustea, belaunaldiz
belaunaldi transmititu den ondarea plazara eramatea eta dantza taldeen arteko
topagunea eskaintzea.
Azken urteetako edizioek Euskal Herri osoko dozenaka talde bildu dituzte.
2024an, Karrantzan, 42 taldek parte hartu zuten; 2025ean, Laudion, 45 taldek.
Aurten, Nafarroak hartuko du lekukoa eta Zizur Nagusia izango da topaketaren
erdigunea.
Urriaren 3ko egitarauak egun osoko jarduerak bilduko ditu. Besteak beste,
Folklore Azoka, kalejira eta Emanaldi Nagusia izango dira, eta eguna dantzarien
afariarekin eta erromeriarekin amaituko da. Emanaldi Nagusia 17:30ean hasiko da.
Aurten ere Euskal Herritik kanpo bizi diren euskal dantza taldeek parte hartzeko
aukera izango dute, Diasporatik bidalitako bideoen bidez. Era berean, Emanaldi
Nagusia streaming bidez jarraitu ahal izango da, EHDE Euskal Herritik harago ere
ikusi ahal izateko.
Dantza taldeen izen-ematea irailaren 20ra arte egongo da zabalik.
Urriaren 3an, beraz, Zizur Nagusia euskal dantzaren topagune bihurtuko da,
Euskal Herriko dantza taldeok, dantzariok eta herritarrok plaza berean elkartuz.
