– Kultur sektoreari lagundu eta herritarrei sormen-prozesuak gerturatzea dira ekimen horren helburu nagusiak –

 

Asteazkenean, uztailak 7, arte eszenikoen taularatzea bultzatzeko «Juana Bizkarra» I. egonaldi-bekaren deialdia hasiko da. Getxoko Kultur Etxeak bultzatutako ekimen hori konpainia profesional, sendotu eta sortu berriei zuzenduta dago proiektu eszenikoak egiteko, eta getxotar askoren seme-alabak hezi eta hazi zituen ume-zaintzaile ezagun baten izena hartzen du. Bekaren irabazleari 10.000 emango zaizkio proiektu eszeniko bat ekoiztu eta muntatzeko, eta horiek aurkezteko epea abuztuaren 7ra arte egongo da zabalik.

 

Bekaren bitartez euskal kultura sektoreari lagundu nahi zaio, espazio profesionala, baliabideak eta zuzkidura ekonomikoa eskainiz antzerki-lanak, obra koreografikoak, eszenikoak edo performatiboak ekoizteko eta muntatzeko. Aldi berean, sormen-prozesua Getxoko herritarrei hurbildu nahi zaie, kulturan duten ezagutza, esperientzia eta parte-hartzea hobetze aldera. Egoitzan, gainera, hiru topaketa egingo dituzte Getxoko herritarrekin eta herriko taldeekin. Azken horien kasuan, konpainia profesionalen eta tokiko kultura-sektorearen arteko elkarrekintza sustatu nahi da.

 

Hautatutako ikuskizuna ekoitzi eta muntatzeko, eta horren bitartekotza-plana garatzeko epea 4 astekoa izango da. Egonaldia Muxikebarri Arte, Kultura eta Kongresu Zentroan izango da eta 2021eko urrian estreinaldirako bi emanaldi eta obraren entsegu orokor ireki batekin amaituko da.

 

Hartzaileak

Beka jaso ahal izango du bere jarduera arte eszenikoen barruan garatzen duen edozein pertsona juridikok, hala nola antzezlanak, koreografikoak, eszenikoak edo performatiboak muntatzen dituzten antzerki-, dantza-, txotxongilo- eta zirku-konpainiek. Deialdiari buruzko informazio osoa www.getxo.eus/juanabizkarra webgunean dago eskuragarri eta, edozein galdera egin nahi izanez gero, interesdunek honako helbide elektronikora jo dezakete: programazioa@getxo.eus.

Leave a Reply

Your email address will not be published. Required fields are marked *

Post comment