Emakumeek gidatutako Soka dantza edo Aurreskua, antzina Lekeition dantzatzen zena San Joan egunez, hiru aldiz: egunsentian (goizeko zazpitako meza amaitzean), eguerdian (Meza Nagusia amaitzean) eta arratsaldez (Arrosarioren ostean). Tradizionalki udako solstizioa ospatzen den egunez dantzatu izan denez, Eguzki Dantza izendatu da. Gaur egun, dagoeneko San Joan eguna jaieguna ez denez, soilik San Pedro eguneko eguerdiz dantzatzen da, Kaxarranka izeneko dantzarekin batera (Lekeitioko arrantzaleen dantza tradizionala).
1682ko datu batean jadanik agertzen dira Lekeition emakumeek gidatutako dantzak, gizonek gidatutako beste dantza batzuekin batera. Beranduago, XIX. mendearen erdialdera, herriko jaietan dantzatzen zuten emakumeei buruzko erreferentziak aurkitzen ditugu. Garai hartako udal agirien arabera, San Joan egunez (eta, zenbaitetan, San Pedro egunez ere bai) dantzatzearen truke freskagarriak ematen zitzaizkien. XX. mendearen hastapenean, tradizioa betez, dantza San Joan eguneko hiru momentutan egiten zen. Goizez, albakuan, hau da, goizeko zazpitako meza amaitzean. Emakumeak perkalezko gona arrunta janzten zuten eta sorbaldetan zetazko xal txikia, burua apaindu gabe. Eguerdiz, Meza Nagusiaren ostean egiten zen dantza. Emakumeek, orduan, gona luze beltza, gonazpiko zuri brodatua, parpailadun baska zuria, krepezko xala eta zapata beltzak (malporteskuak) janzten zituzten. Azkenik, Arrosarioaren ondotik dantzatzen zuten. Orduan eguerdiko janzkera beraz dantzatzen zuten, aldaketa txiki batekin: oraingoan sorbaldetako xalak handiak ziren eta, kaxmirrezkoak.
Hainbat urtez ahanzturan amilduta egon ondoren, 1932an dantza berreskuratu zen, aurretiaz dantzatu zuten emakumeek ikuskatuta. Dena den, 1936an gerra hasi zelarik, berriro alde batera utzi zen dantza. Azkenik, 1974an berreskuratu zen azkenekoz. Ordutik, Lekeitioko plazan urtero dantzatzen da Eguzki Dantza. Hala ere, San Pedro eguneko eguerdiz dantzatzen da soilik, Kaxarranka dantza tradizionalarekin batera.
Koreografiak, orokorrean, Soka Dantzaren molde klasikoa du, baina berezko pausuz. Doinuak ere berezkoak ditu dantza honek, eta herriko txistulariei esker mantendu dira. Resurreccion Maria Azkue euskal kantutegiaren bildumagile nagusietako bat izan zen. Lekeition jaio zen bera eta dantza honek berezkoak dituen hiru doinuetako bat jaso zuen, Neska-dantzea izenarekin. Ohar modura dantza hori Lekeitioko emakumeek San Joan goizez dantzatzen zutela aipatzen du.
Gaur egun, dantza handitasunez eta kolorez gainezka dantzatzen da plazan. Emakumeek XIX. mendearen amaierako jantziak janzten dituzte. Modu horretan, argi geratzen da emakumeek antzina Soka dantzan edo Aurreskuan zuten parte-hartze aktiboa.
Andreen Aurreskua
Deustuko Andreen Aurreskua soka-dantza tradizionala da, eta emakumeak dira protagonista. 1999an berreskuratu zuten Jai Batzordeak eta Bihotz Alai taldeak, dokumentu zaharretan oinarrituta.
Dantzari batek autoritateari baimena eskatzen dionean hasten da dantza. Ondoren soka (katea) sortzen da, non emakumeek zortzikoa dantzatzen duten. Geroago, emakumeek bat egitera gonbidatzen dituzte gizonak, eta zapi brodatu bat ematen diete, keinu sinboliko gisa.
Martxoaren 19an egiten da, urtero, Deustuko San Pedro plazan, auzoko jaien barruan. Ekitaldian, kalejirak barne, ohikoa da parte hartzaileek euskal jantzi tradizionalak janztea.
BILBLIOGRAFIA
- IRIGOIEN, Iñaki. “Lekeitio. San Pedro eta San Juan Jaiak”. Dantzariak 56. E.D.B., 2012
