
Ibarra-kaldu elkartea 1966an hasi zen bidea urratzen Barakaldoko euskal kulturaren munduan, eta, hori dela eta, 60 urte betetzen ditu aurten. Hori ospatzearren, hainbat jarduera egingo dira, urte osoan zehar, asteburu jakin batzuetan banatuta, honako hauek, hain zuzen ere:
• MARTXOAK 7: EMAKUMEEN IRRADAKA
Korro-dantza da Irradaka, eta emakumeak ditu protagonista. Aldarrikapen izaera duen ekitaldi batean emango dugu jendaurrean, martxoaren 7an, larunbata, martxoaren zortziaren bezperan, hain zuzen, Emakumearen Nazioarteko Eguna dela-eta. Aurrerantzean ere irauteko asmoa asmoa dugu, urtero egiteko Barakaldon, martxoaren zortziko ekitaldien egitarauaren barruan.
Ibarra-kalduk oso koreografia erraza sortu du, eta, horrenbestez, emakume guztiak gonbidatuko dira dantzan parte hartzera, dantzariak izan ala ez, dantza jendetsua eta parte hartzekoa izan dadin.
• MAIATZAK 2: CASTELLERS TALDEAREN EMANALDI IBILTARIA, BARAKALDOKO UDAL ERRALDOIEK LAGUNDUTA
Ibarra-kaldu elkartean asmo bitxi bat sortu zen: Kataluniatik Castellers talde bat Barakaldora ekartzea. Ideia hori maiatzaren 1eko asteburuan gauzatuko da, zehazki, maiatzaren 2an, larunbatean. Erakustaldi ibiltaria egingo da eta castellers taldeak, ehun bat lagunek osaturik, Barakaldoko hainbat plazatan erakutsiko du bere trebezia, Barakaldoko lau udal erraldoiek lagundurik, hartara, bi taldeek goi mailako ekitaldia eskain dezaten.
• EKAINAK 6: URTEURRENEKO EKITALDI NAGUSIA ETA ADISKIDETZE AFARIA
Ekainaren 6a urteko egunik garrantzitsuena izango da urteko ospakizunen artean. Izan ere, egun horretan izango da 60. urteurreneko ekitaldi nagusia, Ibarra-kaldu elkarteko dantza emanaldia izango baita Barakaldoko Pilotalekuan. Bertan, gaur egun diharduten eta lehenagoko beste garai batzuetan aritu ziren dantzari eta musikariek hartuko dute parte, 60ko hamarkadako taldearen sortzaileetatik hasi eta gaur egungo taldeko txikienetara. Ekitaldi hunkigarria izango da, ziur, 2016 hartako 50. urteurrenaren antzera, orduan pilotalekua guztiz bete baitzen, lagunez eta zirraraz gainezka.
Emanaldiaren ondoren, adiskidetze afaria egingo da, aurreko eta oraingo belaunaldiak elkarturik.
• URRIAK 15: BEURKOKO SOKADANTZA
2026ko Santa Teresa egunean Beurkoko Sokadantza emango da aurreneko aldiz jendaurrean, Patxi Labordak eta Ibarra-kaldu elkarteak berak sortutako koreografiarekin, eta Javi Ortiz de Zaratek egindako musikarekin.
• URRIAK 17: BIDEAN ELKARTEAK LAGUN IZAN DITUEN TALDE ETA ELKARTEEN SAIOA
Urriaren 17an, larunbata, emanaldi berezi bat egingo da, Beurko-Bagatzako jaien osteko asteburuan. Horretarako, Ibarra-kalduk beste talde batzuen laguntza izango du, bertan arituko baitira aurretik hainbat emanaldi eta saiotan elkarteak lagun izan dituen beste talde eta adiskide batzuk, hala nola urteroko Euskararen Eguneko saioetan eta Patxi Labordaren “Miña Nai” ikuskizunean aritutakoak: HalaDzipo, Doces Lembranzas, Ceo do Sil eta Folketan taldeak. Santa Teresa plazan izango da, eguraldia lagun, edo, bestela, Bagatza ikastetxeko karpan. Ohiko dantza emanalditik harago doa saioaren planteamendua, aipatutako taldeekin urratutako beste bide batzuetatik joz.
Eta emanaldi horren ondoren, kalejira bat Beurko-Bagatza auzoan, festa, alaitasun eta ospakizun giroan, talde guztietako musikariek lagunduta, baita eguna gozatzeko gurekin egon nahi duen orok parte harturik ere.
• URRIAK 18: TXIKIEI ESKAINITAKO EGUNA
Taldearen geroa ere garrantzitsua da, eta etorkizun hori txikiek gorpuztuko dutelakoan, uste dugu ezinbestekoa dela beraiei bakarrik egun bat eskaintzea: urriaren 18a, igandea.
Egun horretan, jarduera ugari izango dira: lantegiak, puzgarriak, Barakaldoko udal erraldoien kalejira, haurrentzako bazkari herrikoia, HalaDzipo eta Kilima Faktoriako karabana.
• ABENDUAK 4: TXISTU KONTZERTUA
Herrien arteko XXIX. Folklore Jaialdiaren egitarauak ere izango du, barruan, 60. urteurrena ospatzeko ekitaldi bat: txistu kontzertu berezi bat. Emanaldian, txistuez gain, parte hartzen izango dira metal talde bat, dantzariak eta erraldoiak, baita beste sorpresatxoren bat ere.
Horrenbestez, horiek dira Ibarra-kaldu elkartearen 60. urteurrena ospatzeko gaur egun aurreikusita dauden ekintzak; hala ere, aurrerantzean, beste ekitaldiren batzuk ere gehitu litezke egitarauan, sorpresaz edo.
Hala, zuoi guztioi gonbidatzen zaituztegu, kultura eta tradizioak biziberritzen laguntzera, musika eta dantzez gozatuz 60 urteko ibilbide hau ospatzera.
