Badator berriro ere Barakaldoko Herrien arteko Folklore Jaialdia, beti legez, Ibarra-kaldu elkarteak antolaturik. Azaroaren 20an hasi eta abenduaren 7an amaituko da. Duela 25 urte sortu zen jaialdia, baina aurtengoa 24. edizioa da, COVID dela-eta iaz nahitaez egindako etenaren ondorioz. Jaialdiaren babesleak Bizkaiko Foru Aldundia, Barakaldoko Udala, Barakaldo Antzokia eta Kutxabank dira, eta laguntzaileak, Areatzako Udala, Deia egunkaria, Radio7-Tele7, MetroBilbao, Kilika Bertso Eskola eta Alonsotegiko Mendipe dantza taldea.

Ekitaldi nagusiak Barakaldo Antzokian egingo dira, abenduaren 4an eta 5ean, larunbat eta igande, hurrenez hurren, eta jaialdia Barakaldotik kanpora eramaten den eguna, Alonsotegin, abenduaren 6an, astelehena. Baina egun horietakoez gain, badira atariko ekitaldi batzuk ere, bi aste lehenago hasi eta abenduaren 7a arte.

Aurreko 23 edizioetan, Ibarra-kaldu talde antolatzailearekin batera, 37 dantza taldek hartu dute parte dantza-egunean, Estatuko autonomia erkidego guztietatik etorrita, baita beste estatu baltzuetatik ere, hala nola Belgika, Frantzia, Italia eta Portugaletik. Dantza-talde horietako musikariez gain, beste 29 musika taldek eta hainbat bertsolarik ere hartu dute parte musika egunean, non gure inguruan ditugun gutxiengoen musika kulturari ere ireki zaion atea. Baina dantza eta musika talde horietaz gain, Bizkaiko 16 talde ere izan dira, anfitrioi lanetan, Barakaldotik kanpo egiten den eguneko emanaldian.

XXIV_folklore_kartela-01_mail

ATARIKO EKITALDIAK

  • Txotxongilo-antzerkia

Folklore jaialdia antzerki munduko ekitaldi batek irekiko du. Jaialdiaren ibilbidean hirugarren aldiz agertuko da antzerkigintza egitarauan, eta aurtengoan, BIHAR txotxongilo taldeak “Tartalo eta sorgina” izeneko lana eskainiko du, euskal mitologiako ipuinak txikienei ezagutarazteko. Azaroaren 20an izango da, larunbata, 18:30ean, Ibarra-kaldu elkartearen egoitzan.

  • Bertso-afaria

Berriro ere, bertsolaritza jaialdiaren egitarauan ageri, Ane Labaka eta Jone Uria bertsolariek parte hartuko baitute azaroaren 26ko bertso afarian, Ibarra-kaldu elkartearen egoitzan bertan, 21:30ean. Kilika Bertso Eskolarekin batera antolatu da ekitaldia.

  • Hitzaldiak

Aurten ere, bi hitzaldi antolatu dira jaialdiaren egitarauaren barruan, eta horiekin jarraitu nahi da Euskal Herriko folklorearen hainbat alderdi jorratzen. Bi hitzaldiak Ibarra-kaldu elkartearen egoitzan egingo dira.

  • Azaroak 27, larunbata, 19:30ean, “MITOLOGIKAtik JENTILAKera” izeneko hitzaldia emango du Aritza Bergara idazleak, Euskal Herriko mitologiari buruz eta bere lanen bitartez.
  • Abenduaren 7an, asteartea,Cultura popular y patrimonio; el calendario festivo encartado” hitzaldia emango du Emilio Xabier Dueñas etnografo folkloristak
  • Argazki-erakusketa

Aurtengo erakusgaia emigrazioarekin lotuta dago, XX. mendean Galiziatik Euskal Herrira etorritakoen lekukotza grafikoak ikusgai izango baitira Clara Campoamor zentro zibikoan, azaroaren 29tik abenduaren 3 arte.

XXIV Herrien Arteko Folklore Jaialdia-min

EKITALDI NAGUSIAK

Hiru dira Herrien arteko Folklore Jaialdiaren jardunaldi nagusiak: Dantza Eguna, Musika Eguna eta Kanpoko Eguna. Doakoa da sarrera jardunaldi horietako ekitaldi guztietan.

  • Dantza Eguna

Abenduaren 4an, larunbata, 19:30ean hasiko da, Barakaldo Antzokian, jaialdiko dantza emanaldi nagusia. Aurtengoa desberdina eta berezia izango da, oso. Desberdina, kanpoko talderik ez dagoelako edizio honetan: izan ere, pandemia bera eta hura geldiarazteko neurriak berebiziko oztopo izan dira kanpoko talde askorentzat, konpromisoak behar besteko aurrerapenaz ziurtatzeko orduan. Hori dela eta, bestelako formatu batean emango da ekitaldia, ikuskizun oso eta bakarra eskainiko baita, hiru talderen emanaldi bereiziek osatutako ekitaldiaren ordez. Ikuskizun berezi horrek “Miña nai” du izena, eta oinarria, XX. mendean Euskal Herria jomuga izan zuten galiziarren emigrazioa. Dantza, musika eta bideoaren bidez irudikatuko da sorterria uztea, kultura bien arteko topaketa, elkar ezagutzea eta elkar maitatzea. Patxi Laborda dantza maisua eta koreografoak pentsatu eta zuzendu du lana, eta bertan parte hartuko dute, Ibarra-kaldu taldeko dantzari eta musikariekin batera, “Doces Lembranzas” dantza taldeak, “Folketan” musika taldeak, “Ceo do Silgaiteiro taldeak eta “Son Mesturado cantareira taldeak hartuko dute parte elkarrekin.

  • Musika Eguna

Abenduaren 5ean, igandea, 19:30ean hasiko da jaialdiko musika eguneko ekitaldia, Barakaldo Antzokian, eta hiru emanaldi desberdin eskainiko dira oholtza gainean. Lehena, Iruñetik etorrita, “Hego Haizea” musika taldeak hartuko du parte: Aitor Urquiza txistulariak, Xabier Olazabal akordeoilariak eta Beñat López perkusio-jotzaileak osatuta. Ondoren, “Son Mesturadocantareira taldeak hartuko du parte, musika eguna ere galiziar doinuekin janzteko. Amaitzeko, Ibarra-kalduko musikariek eta erraldoizaleek, Sestaoko “Birakari” erraldoi konpartsak lagundurik, “Erraldoiak Oroibide” ikuskizuna emango du berriz, Beurko-Bagatzako jaietan izandako arrakastaren ondoren, antzokian Barakaldo osora zabaltzeko asmoz. Udalerriaren iragana oroitzeko ikuskizuntxo horretan, Barakaldoko Udalaren erraldoi berriak dantzatuko dira musikarien doinuetara, Areatzako Udalak berariaz utzitako bertako Txistulari eta Añude erraldoiekin batera.

  • Kanpoko eguna

Alonsotegin izango da aurtengo kanpoko eguna, jaialdia Bizkaiko beste udalerri batera zabaltzen den eguna. Abenduaren 6an, astelehena, dantza-emanaldi bat egingo da, 13:00etan, eta bertako Mendipe dantza-taldearekin batera, Tuterako Laya Kultura elkarteak hartuko du parte, aurtengo jaialdiko kanpoko talde bakarra.

Urteetan zehar asko izan dira jaialdian parte hartu duten taldeak. Dokumentu honetan ikus ditzakezu: Jaialdiko taldeak

Leave a Reply

Your email address will not be published. Required fields are marked *

Post comment