“Ostadar Dantza Taldea larunbat honetan (otsailak 26) kalera irtengo da urteroko Inaute larunbateko dantza desfile herrikoia egitera. Pandemiak behartuta, iaz ezin izan genuen dantza-desfilea egin, baina aurten egoera hobea dela ikusita, urteroko ohitura berreskuratzea erabaki dugu.
Ohi bezala, Euskal Herriko hainbat lekutan Inatuerietan ikus eta dantza daitezkeen inauterietako dantza herrikoiak eskainiko ditugu. Aurten gainera, hainbat lekutan Inauteriak ospatuko ez direnez, keinu eta omenaldi txiki bat egin nahi izan diegu bertan behera geldituak izan diren kultur jarduera guztiei.
Dantza desfilea 10:30ean hasiko dugu gure lokaletik (Oriamendi kalea 10), eta eguerdia bitartean herriko kaleetan barrena ibilko gara. Musikari laguntzaileak, Aurtzaka Dantza Taldeko lagunak eta Plaza dantzen ikastaroko kideak ere irtengo dira gurekin batera.
Bestalde, egoerak behartuta, aurten herritarrei parte hartzeko deialdi irekirik ez egitea erabaki dugu, baina herritarrei egunean bertan desfileaz gozatzeko deia egiten diegu elkarrekin inauteriak ospatzeko. Aurtengo egoera oraindik ere berezia dela kontuan hartuta, eguerdiko bazkari herrikoia eta arratsaldeko erromeria ez dira egingo.
Arduraz eta elkar zainduz, baina gauza guztien gainetik pozez eta ilusioz, Ostadar Dantza Taldetik herriko dantzari eta dantzazale guztiak gonbidatzen ditugu datorren Inaute larunbatean gurekin batera herriko kaleak Inauterietako musikaz eta dantzaz janztera.”
Ostadar Dantza Taldea